XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Garat gaztea jaikitzen da: Eginbide bat betetzeko gelditzen zait; izendatu nautenek, ene arrazoinak, ene kontzientziak manatzen didate; munduan ezerk ez dit ahantzaraziko.

Botz bakar batez, ene probintziak protesta egiten du....

Oihuka ixilarazten dute frantses deputatuek, mehatxatzen du biltzarreko lehendakariak...

Oi, frantses liberalismaren ederra!.

Egia erran, arte hortan ahul agertu ziren euskal deputatuak, guztiz 1789-ko Abuztuaren laueko gau famatu hartan, lege pribatu edo privilèges guztien kentzea erabaki zenean.

Jaunen abantailekin batean, herrien eta probintzien lege zahar eta bereizi, konstituzio, askatasun, libertade, autonomia eta biltzarrak ukatu zituzten.

Ondotik, euskal deputatuak zinez gaizkitu zituzten beren botz emaileek, eta guztiz Lapurdiko Biltzarrak.

Honek ezinago finki haztorratu berotu eta akuilatu zituen Garat anaiak.

Hortik dator, parte haundi bat, 1790-ean erakusiko dutan kemena.

Beren gora-beherak izanen dituzte geroan ere, bertsu zahar batek aditzera ematen digun bezala: zeren eliza dorre gaineko oilarrari konparatzen du Garat anaia batek, hura bezain aldakorra delakoan.

Politikan bere bidea eginen du Joseph Garat gazteak: 1792-eko urrian justiziako ministro da (horri esker Luis 16-garrenari deputatuen biltzarrak hiltzera kondenatu duelako berria eman beharko dio laster), barneko ministro 1793-ko martxoan, Zaharren biltzarkide 1799-an, Inperioko Senatur eta Instituko lagun berantxago...

Gutienez diplomaziarako dohain pollitak bazituzkela frogatzen digu, denbora nahasi haietan eten gabe, toki desberdinetan jarraitu zuen karrera luze ta ederrak.

Halare aitortu behar da bere euskaldungoari ez diola uko egin zeren, euskal departamenduaren xedea huts eginik, beste bat haundiagoa asmatu zuen; frantses inperioaren itzalean eta honen baitan, Euskal-Herri osoaren batasuna eskatu zion Napoleon inperadoreari: Inperioaren bizpahiru departamendu berri egin dezaztela espainiar lau euskal herriek eta frantziar hiru euskal herriek...

Herri horietan Frantziak eta Espainiak sartu ahal izan dituzten desberdinkeria guztien segurkiago eta lasterrago ezeztatzeko, departamendu bakoitzean nahastekatu behar litezke, tokiek permititzen duten heinean, frantziar eta espainiar eskualde batzu.

Frantziar Basa-Nabarrak eta Espainiar Nafarroak, elkar hunkitzen baitute ta biak euskaldunak baitira, erraztasun haundiak eman lezazkete hortarako; halaber Espainiako partean dagoen Baztaneko ibarrak eta Frantziako partean dagoen Errobiko ibarrak edo Lapurdik...

Debaldetan izan zen hau ere.

Era bat huts egin zuen euskal jakobinismak.

Moralistak baigara Euskaldunok, hemen morala puska baten egiteko gutizia banuke.

Baina, oraikoan ez dut eginen eta ez dut erranen zer gatik: hori ere moralisman artzea bailiteke.

GAU LUZEAN AMETS XOIL BAT

Ipar aldeko euskal departamendua hilortuaz erran dezagun ez zela hain euskalduna.

Eiki, Dominique Garat-ek eskatzen zuen huntan sar zedin Akizeko eskualde kaskoina Landes-etako departamenduan dagoena.

Hiri-burua, Baiona izanen zen, bixtan da.

1836-an berpiztu zen Dominique Garat-en xedea.

Baiona, Maule ta Akizeko eskualdetako jaun askok izenpeturik, eskari bat zuzendu zioten Louis-Philippe Frantsesen errege liberalari: Adour izeneko departamendu bat nahi zuten, prefetura Baionan.

Berriz ere debaldetan!.